martes, 27 de septiembre de 2016

Makulua ala makilkada

Euskal hautesle aktiboen gehiengoak PNV bozkatuta, statu quo-a hautatu dutelakoan nago, nolabait euskal oasiaren ideiak konbentzitu dituela eta Espainiako gaitzen aurrean, berton omen dagoen egonkortasunaren bermea euren kudeaketari esker lortzen denaren dogma sinestu dutela. Komunikabideek (publikoek nahiz pribatuek) izango zuten zerikusirik, baina afera hori beste batetarako utziko dugu.

Horrela ba, bozak iraganda, Platonen kobaren atarira gerturatzeko aukera aurkezten zaigu, konturatzeko politika sistema honetan ez garela Ideiak bozkatzen ari, itzalak baino, alderdiak. PSE bera statu quo-aren parte aktiboa dela ez dago zalantzarik. Hala ere, hauek, ez dituzte herritarrak konbentzitu eta orain, bere aparatuaren harrotasunak (edo interesek), etortzeko diren beste bozen batzuetan indarra (edo eserlekuak) lortu nahiak PNVren aurkako oposizio funtzioa hartzea erabakitzera eraman dezake; izan ere, jakinarazi dute euren lehentasuna orain ez dela EAEko gobernabidea.

Podemosen jarrera ez da ulerterraza; oposizioan halabeharrean kateatzeak euren (ustezko) agenda sozialeko politikak aurrera eramatea zaildu lezake, eszena politikoa zein den. Bozkatu dituzten herritarrek ontzat emango al diete aukera hori galtzea?

Horiek kontuan hartuz, PNV, EH Bildu eta PP geratzen zaizkigu gobernurako batuketetarako. Hiruen arteko bilkurarik ez da espero, noski. PNV-EH Bildu batura nahikoa da gobernantza bermatzeko eta burujabetza-prozesua aurrera eramateko… baina ez nago ziur hori den PNVk nahi duena (esango nuke aspaldi dela PNVk justu kontrakoa bilatzen duela) eta ezta agenda sozial bateragarri bat daukatenik. Hortaz, EH Bildu denbora galtzen legoke PNV konbentzitu nahian.

PNVk bakarrean ere goberna dezake baldin eta gainontzekoen artean ez balitz akordiorik erdietsiko lehendakarigai bat aukeratu eta gobernu alternatibo bat sortzeko. Hor, aukera bakartzat EH Bildu-Podemos-PSE batura har genezakeela uste dut (lehenengo biek bakarrik – 28 – ez luketelako PNVk adina – 29 – babes lortuko). Hiruko honek ez luke gehiengoa (37an geratzen da, baten faltan), eta izan ditzakeen ondorioak hausnartu beharko lituzkete aldeek: EH Bildurentzat, ziurrenik, prozesu soberanista alboratzea suposatuko luke, baina politika sozialak bultzatzea; PSErentzat, ezkerreranzko bira eta statu quo-a mantentzetik aldentzea, posizio kritikoetarantz gerturatuz (ziur nago honek barne gatazkak sortuko lizkiokeela); eta Podemosentzat (aipatu jarrera birplanteatzea erabakiko balu), bere posizio politikoa jokoan jartzea (kolokan jarriz edo, alderantziz, indarberrituz).

Balizko honetan, PNVk PPrekin batzea beste aukerarik ez luke, boterean mantentzea nahi badu behintzat (nahi duenaz ez daukat zalantzarik), eta horrek, aldiberean, Espainiako Gorteetan utzitako “zorra” kitatzen lagunduko lioke, Euskal Legebiltzarreko gehiengoa (eta gobernuburutza) eskuratzearen truke, Madrilen, Mariano Rajoyren inbestiduraren alde bozkatuz.

Hortaz, beharbada, azken hautu horrek PNVren irudiari lekarkiokeen kalteak ere nolabait bultza dezake azkenik PSErekin lehendik zeukan ituna (statu quo-a) hobetsi eta bilatzera, PSEren teilatuan utziz baloia berriz ere. Beraz, hor dago gakoa. Ea oraingoan zer aukeratzen duten, PNVrekin egungo ogia izatearen truke biharko gosea sinatzen ari baitira. Aukeran dute makulua izan ala makilkada.


Eguneratzea (2016-09-30):

Dirudienez aldaketa esanguratsu bat eman da eserlekuen banaketan eta PNVk 29 barik 28 lituzke, EH Bilduk 17 beharrean 18 lortuz.

Honek, zenbaketetan hainbat aldaketa eragiten ditu: dagoeneko EH Bildu-Elkarrekin Podemos baturak (29), PNV gaindituko luke, eta balizko EH Bildu-PSE baturak berdinketa emango luke. Ez dirudi probablea PNV-Podemos batzea (39) horren aurrean baina, nork daki!

Abstentzioen jokoa ere anitza dateke baina gainontzeko ondorioak berdinak lirateke. Apika, Espainian PSOE jasaten ari den krisia dela-eta, hango eta hemengo alderdiaren eskuintzeak iritzi publikoan eragin dezakeena ere kontuan hartzekoa izan daiteke. Zentzu horretan, nago PNVrekin batzeak galera handiagoak eragin diezazkiokeela orain PSEri. Pilotak bere teilatuan darrai.

viernes, 22 de enero de 2016

Azala

Aste hontako …etakitto! aldizkariak Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko kontseilariari ematen dio azala (nahikorik ez eta…) “Gure ekonomia egonkorra izango dela deritzogu” izenburupean. Honek, nolanahi ere, ez du esan nahi ekitaterik egongo denik, gaur egungo egoera zein zentzutan hobetuko ote den galdetzeko tentazioa izan badugu. 
http://etakitto.eus/berriak/elkarrizketak/angel-tona-gaur-25-urte-inguruko-langabetuak-epe-luzera-lana-izango-du.html

Artikulua irakurriz, hainbat puntu aztertu ditugu:

- Bigarren galderaren erantzunean dio “hilabete hauetan lan asko egin dugu eta, nik ikusten dudanez, lanaren emaitza ez da antzematen guk nahiko genuke mailan”. Ongi hasten da, hori ez baita Toña berarentzat “ongi egindako lana” lehenengo galderaren erantzunean esaten duena irakurrita. Ikus dezagun hobetzeko intentziorik daukan…
- Hirugarren galderaren erantzunaren amaieran dio “gaur 25 urte inguruko langabetuak epe luzera lana izango duela uste dut”. Galdera litzateke: zer nolako lana? Ez da gauza bera lan egonkor eta justua izatea edo gaur egun geroz eta gehiago ikusten den lan prekarioa, aldikoa, ezegonkorra… horiek ere lana dira, baina ez “ongi egindako lana”.
- Paragrafo berean dio “gehiago kezkatzen nau zentzu horretan langabezi egoeran dagoen formazio gutxiko eta familia buru den heldua”, eta egia da… baina gazteengan ikusten da formazioa izanda ere, ez daukatela lanik. Bestalde, konturatu al da langabeek daukaten formazio hori ez dela bertako enpresek behar dutena (ikus: El 80% de los desempleados no tiene la formación demandada por las empresas http://cadenaser.com/emisora/2016/01/19/radio_eibar/1453217959_885581.html )? Eta zer dauka pentsatuta (HORI BAITA BERE EGINBEHARRA) langileek (heldu zein gazteek) behar den formazio hori lor dezaten?
- Azkenaurreko galderaren erantzunean, bere gain hartzen du enpresa-patronalen eta langile-sindikatuen arteko akordioak “bultzatzeko” eginkizuna. Ordea, sektore publikoan, non PNVren gobernuak (bereak) burutzen duen patronalaren papera, ez da akordiorik bultzatzen; alderantziz, inposaketa burutzen da langileen interesen txarrerako. Zer espero daiteke jarrera hori “bultzatzen” duen gobernu-talde batengandik?


Tira, ez da lehenengo aldia Toñak ahoa irekitzearekin batera bere burua salatzen duena. Badugu bere profilaren eta ideien berri; bestela ikus “Toña anima a los jóvenes vascos a independizarse y tener hijos aunque no tengan trabajo” izenburupeko artikuluan ( http://www.elmundo.es/pais-vasco/2015/10/09/5617d78fe2704e6d528b4671.html ) esandakoak non gazteak animatzen zituen bikotearekin alde egin eta umeak edukitzera, horrela bizitza beste modu batean ikusi eta lana modu ezberdinean bilatzen delako, beharrak, sakatu egiten du eta… edo non gazteei abisatzen zien ez zela berriz ere betirako enpresa bakarrean egindako lan egonkorrera itzuliko… edo non gurasoek dirua badute, master bat egin dezakezula, eta bestela, platerak garbitzera joan zaitezkela esaten zuen.

Jaurlaritzako “arduradun” batek horrelakorik esatea “ongi egindako lana” al da?
Azal gutxiren faltan, tori …etakitto!ko azala.